Jasota dago Anakako Konpainiak dagoeneko parte hartu zuela 1881eko Alardean, Irungo bost auzo historikoetako konpainiek bezala, baina 1929an hasiko da Anakako Konpainia etenik gabe desfilatzen, 1937 eta 1938 urteetan izan ezik, Gerra Zibila dela eta Alardea ez baitzen ospatu, baita 1939an, Konpainiak ez baitzuen parte hartu.
Auzoko mugak zabalagoak badira ere, konpainiarenak Soroxarta, Urdanibia-Berri, Puiana eta, nola ez, Anaka ingurua dira.
Nahiz eta hasieran Alardeko lehenengo formazioetan desfilatzen zuen lehenengo konpainietako bat izan, gaur egun, infanteriako konpainietako zortzigarren postua hartzen du, Ama Shantalenen atzetik eta Buenos Amigos konpainiaren aurretik.